Ituriko eta Ipar Kivuko setio egoera, kritiken erdigunean

Kongoko Errepublika Demokratikoko bi probintzia itxi zituzten iaz miliziei aurre egiteko. Neurriak aho batezko babesa jaso zuen, baina egun kexak ugaritzen ari dira.

Ituriko eta Ipar Kivuko setio egoera, kritiken erdigunean.
Oskar Epelde Juldain.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean setio egoera ezarri zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko Iturin eta Ipar Kivun, milizia armatu batzuei aurre egiteko. Egun, bi eremu horiek itxita daude oraindik, eta azkenaldian ugaritu egin dira operazio militar horri egin dizkioten kritikak, eraginkorra izaten ari ez delakoan. Agintarien ahulezia, hilabeteotan izandako giza eskubideen urraketak eta krimenen ugaritzea ere badaude gobernuari helarazitako kexen artean.

Ituriko gizarte zibilak eta hautetsiek, esaterako, eskutitzak bidali zizkioten Felix Tshisekedi herrialdeko presidenteari, talde armatuen kontrako estrategia aldatzeko eskatuz. Are, probintzia horretako gizarte zibilak hamar eguneko epea eman dio estatuburuari Johnny Luboya Nkashama gobernadore militarra aldatzeko, Codeco Kongoren Garapenerako Kooperatiba miliziak egindako sarraskien errua hari botatzen baitiote. Hilaren 1ean, esaterako, Bule herriaren inguruan 62 lagun hil zituzten —denak desplazatuak ziren—, eta, horrek agerian utzi du ez armadak ez Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioak ezin izan dutela bermatu desplazatuek eskatzen duten babesa.

Bien bitartean, militarren operazioaz kritiko agertu diren diputatuen aurkako jazarpena larritzen ari da, eta horietako batzuek ezkutatu egin behar izan dute. Horren erakusle da hilaren 6an gertaturikoa, herrialdeko zerbitzu sekretuek (ANR) Beni lurraldeko hautetsi baten aurka egin zutenekoa: Jean-Paul Ngahangondi diputatua atxilotu zuten, eta, hiru egun bakartuta eduki ondoren, Munzenzeko kartzelara eraman zuten. Han dago orainere.

Epaiketa aurreko eginbideetan dabiltza oraindik, baina, Elie Kisiko abokatuaren esanetan, Ngahangondiri «leporatutako karguak hautesleekin egindako bilkurak eta adierazpen publikoak dira», eta auzia, «juridikoa izan beharrean, erabat politikoa» da.

Beni lurraldeko beste diputatu bat ere ezkutatuta bizi da egun hartatik; ANRkoak dabiltza haren etxe inguruan. Handik alde egin zuen, eta orain «gatibu» da. BERRIAri bidalitako erantzunetan, zera dio: «Gu ez gaude setio egoeraren aurka, baina benetako ebaluazioa egiteko ardura duena biztanleak dira. Gure aurkako eginbide hauek zuzengabeak eta demokraziaren tara bat dira. Iragan igandean Ngahangondi eta [Alain] Siwako atxilotu beharra zituzten; beraz, nire aurkako mehatxu eta agindu larriak daude».

«Bilana», neurriaren «etsai»

Siwakoren iritziz, setio egoeraren «etsaia» horri buruz egiten ari diren «bilana» da. Hasieran, azken hamarkadako segurtasunik ezaren ondorioz, ontzat hartu zuten Tshisekedik ezarritako salbuespen egoera. Gerora, iazko azaroaren 30ean, ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziaren aurka Ugandako armadak hasitako bonbardaketak ere txalotuak izan ziren, eraso horiek azken itxaropena berpiztu baitzuten heriotzaren hirukia deituriko eremuan (Ipar Kivun).

Operazio militarrek, baina, ez dute eragotzi sufrimendua; aitzitik, inguruko hainbat tokitara hedatu da herriak hil eta husten duen jasan ezina. Siwakok egindako ikerketa baten arabera, setio egoera ezarri aurretik hilean 67 laguni moztu zieten lepoa: «Bederatzi hilabeteren ondoren, 213 hiltzen dituzte hilean, eta segurtasunik ezaren ondorioz hustu diren herrien kopuruak ere gora egin du: lehen 98 ziren, eta orain, 216».

Ituri mugaldeko Babila-Babombi lurralde elkargoan ere gaiztotu egin du segurtasunik eza. Setio egoera indarrean sartu aurretik, Ebola izurritearen garaian, hainbat talde armatu osatu ziren Biakato herria inguratzen duten basoaren inguruan, baina talde gehiago agertu dira, eta horrek belaunaldi berrien etorkizuna belztu egin du. BERRIAk Kasereka Sivamwenda gizarte zibileko eragileari setio egoeraren ebaluazioa eskatu dionean, zera erantzun du: «Hamarretik hutsekoa da. Setio egoeran Babombiren %70 hustu da».

Ipar Kivun ere kritiko agertu dira setio egoerarekin, hango 26 hautetsik neurri hori eta parlamentuaren behin-behineko etenaldia bertan behera uzteko eskatu baitzioten estatuburuari, hilaren 14an. Testu horretan, ordezkari politikoek diote setio egoera «operazio politiko-mediatiko bat» besterik ez dela. Hala, armadaren «operazio indartsuagoak eta erabakigarriagoak» eskatu, eta gizarte zibilaren aurkako eginbideak gaitzetsi zituzten.

Siwakoren arabera, Tshisekedik estrategia aldatu beharra dauka, eta agintariak kasu egin behar die herritarrek zabaltzen dituzten «alertei». Ihesean den diputatu horrek uste du gobernuak herritarren lankidetza «mespretxatzen» duela, eta bakerako bidea bilatzeko aukera galtzen duela horren ondorioz.

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak, berriz, esan du ahalegin handiak egiten ari direla; batetik, militarren diziplina eta erantzukizuna zaintzeko, eta, bestetik, talde armatuak suntsitzeko. Ugandako armadaren (UPDF) laguntzarekin ADF milizia ahultzea eta sakabanatzea lortu dutela dio.

UPDFren eledun baten esanetan, ADFk Semuliki arroan zituen base ugari suntsitu dituzte. Eta aurrera begira, gerraren legea saihesteko, matxinoek desmobilizatzea beste aukerarik ez dute, amnistia baten zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.